Ordena eta askatasuna
Estatu eta botereek langileei aitortzen dizkieten eskubideak gero eta murri-tzagoak dira. Hau dugu gaurko gizarte eredu neoliberalaren ezaugarri nagusietako bat. Gero eta estuagoa da langile eta sindikatuek beren eskubideen defentsarako daukaten esparrua, askatasun sakratuaren aurka omen baitoaz eskubide horiek. Halaber, joera murriztaile horrekin batera estatu eta herri-botereek beste edozerren gainetik jartzen dute segurtasuna, eta horrekin batera areagotu egiten da errepresioa.
Hori guztia, askatasunaren izenean. Askatasuna, ordea, gezur hutsa da berdintasunik ez dagoenean. Aspaldian hartu zion kargu idazle frantses batek Iraultza Frantsesak ezarritako pentsamolde liberalari, liberté eta égalité oinarritzat zituen joera politikoari, berdin debekatzen baitie behartsuei eta aberatsei eskean ibiltzea edo zubipean lo egitea...
Maria Cristina hotelaren atarian gotortuta dauden ertzainek ere askatasunaren defentsa bide dute helburu: Sarri mehatxupean lanera joatera behartuta dauden eskirolen askatasuna; grebalariek beren soldatekin inoiz ostatu hartzeko aukerarik izango ez duten luxuzko hoteleko bezeroen lasai egoteko askatasuna, edo Westin multinazionalak gatazka tenkatzeko kontratua amaitu zaien langileen langabeziarako paperekin jolasean ibiltzeko askatasuna.
Berdintasunik eta justiziarik gabeko askatasuna ordena publiko huts bihurtzen da horrela, eta ordena publikoa, beste nolabait esanda, jende xehearen arazoa izan ohi da. Izan ere, enpresari eta botere ekonomikoek ez dute kaleko lasaitasuna nahasten. Aberatsek langileak kaleratu, ingurumena hondatu, herriak esplotatu edo gerrak pizten dituzte. Baina txikikeria horiek alde batera utzita, lasai asko bizi dira ondo babestutako etxeetan inorekin sartu gabe. Eta, noski, ertzainei lanik eman gabe.