Parekotasuna, gure borroka (Astekaria 155, editoriala)
Emakumeok jasaten dugun diskriminazioa ez da oraingo kontua. Antzina ez zitzaigun lan merkatuan sartzeko aukerarik ere ematen, gure esparru naturala etxea, haurrak eta sukaldea zirelakoan. Emazteok ez genuen lantegietan tokirik. Egungo egoera itxuraz hobea da, ia inork ez baitu zalantza egiten lanerako gizonen eskubide berbera zor zaigunik, baina beharra egiteko baldintzak eta egoerak ez dira inondik ere berdinak; gure kaltetan, noski.
Arazoak ditugu lanpostu egoki bat bilatzeko; arazoak, nahi dugunean ere lanaldi osoa lortzeko; arazoak, sexu berekoak ez diren gure lankideek adinako soldata jasotzeko; industriako ugazaba askok eta askok ez dute emakumerik tornuan onartzen. Behin oztopo horiek guztiak gaindituz gero, ardura handiagoko mailetara iristeko ere ez digute erraztasunik ematen. Berdintasunerako bidean ez dago.
Administrazioek ahots ozenez diote berdintasunaren alde ari direla lanean; etxetik kanpoko lana eta familia bateratzeko baldintzak ezarri nahi dituztela; baina eguneroko politikak erabakitzerakoan batik bat emakumeon kaltetan jokatzen dute, pribatizazioa eta azpikontratazioa bultzatuz lan-baldintza gero eta eskasagoak ematen baitizkigute.
Horri aurre egiteko gauza garela, antolatzeko eta borrokarako prest gaudela erakutsi dugu azken garaitan; gatazka ugari bizi izan ditugu soldata, ordutegi eta tratu hobeak lortzeko. Greba batzutan gure helburuak erdietsi ditugu, eta beste batzutan bederen hortzak erakutsi dizkiegu ziurrenik horrelakorik espero ez zuten ugazabei; esplotazioak aurpegi berriak hartzen baditu, geu ere erantzuteko era berriekin saiatuko gara. Ez gaude bakarrikL Mundu guztiko emakume langileekin batera, aurten maiatzean Euskal Herria zeharkatuko duen Martxan aldarrikatuko dugu parekotasuna dugula gure borroka, eta borroka bera dela hartara iristeko bidea.