Prebentzioa justizia kontua (Astekaria 158, Editorial)

24/04/2005

Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren eguna dugu, eta Euskal Herriko langileok ez daukagu ospatzeko motibo handirik; estatistikek frogatzen dutenez, lanpostuan jasandako istripu eta gaixotasun kopuruak gehiegizkoak dira. 2004an 92 hil ziren laneko istripuen ondorioz, eta 639 lagunek ezbehar larria pairatu zuten. Arazoa hor dago aspaldidanik, eta ez zaio behar bezala ekiten.

ELAk aurtengo negoziazio kolektiboan berriro eman nahi dio garrantzi berezia hainbeste langilek dituzten enplegu baldintza eskasak hobetzeko helburuari: Ez da soilik justizia edo elkartasun kontua, segurtasuna bera ere jokoan dago. Izan ere, aldi baterako beharginak eta azpikontratetan dihardutenek izan ohi dute istripu gehien. Iaz istripu larria jasan zutenen %58 eta hil zirenen %65 azpikontratetan ari ziren beharrean.

Ohikoa da ugazabek eta administrazioek istripu kopuru handien ardura langileen arinkeriari egoztea; euren erantzukizuna ezkutuan gera dadin nahiko lukete, hots, enpresek hartu ez dituzten segurtasun neurriak edota ezarri dituzten lan-erritmo biziegiak edota erakundeek hutsegin duten kontrola ahaztea.

Ia hiru lanpostutik bat aldi baterako kontratuz betetzen bada; lanaren araberako arriskuak zaintzen ez badira; indarrean diren legeak aintzat hartzen ez badira eta bete ala ez berdin badio, ez dago ezer egiterik.

Duela ez asko gure artean izan genuen Laurent Vogel Europako Sindikatuen Konfederazioko adituak zioen moduan, "gizartean berdintasuna areagotu beharra dago, eta kapitalaren metatzea ezin dela langileen osasunaren kaltetan egin. Prebentziorik egin ezean, gutxi batzuk pilatzen duten aberastasuna beste askoren osasuna hondatuko du. Prebentzioa ez da hainbeste zera ekonomiko bat; aitzitik, gizarte-justiziarekin eta berdintasunarekin du zerikusia".