Propagandaz gain (Astekaria 228. Editorial)
Zenbat eta ozenago esan lasaiago geratzen direla dirudi. Euskal administrazioetako arduradunen esanak eta egintzak pentsamolde jakin baten adierazleak dira eta ahoa ireki orduko nabarmentzen zaie euren ikuspuntu atzerakoia. Ikusmolde honek dena zipriztintzen du, inguruan dauden arduradun ororen jokabideak bide berdinetik kutsatuak geratzen direlarik.
Duela gutxi arte ohizkoak eta demokratikoenak, jator askoak ziren printzipioak galbidean jarri dituzte politikariek. Beren politikak kudeatzeko moduari kritikak onartu ezin eta gogaikarria iruditzen zaien oro deskalifikatzen dute gupida izpirik gabe. Propagandaren bitartekoak erruz erabiliaz, hedabideen bitartez gizartearen aurrean bestelako irudia eman nahi badute ere, aspaldidanik antzemana dago jokabide hori.
Beste askoren ildoari jarraituz, oso argigarriak izan dira Lan Saileko arduradun nagusiaren azken adierazpenak . Betekada handiegirik gabe, Lan Harremanen Euskal Esparrua babesteko prest daudela esan orduko, berehala dio lehenengoz sindikatu eta patronalaren artean akordioa sustatu behar dela. Posible izango ote da euskal esparruaren aurka daudenekin horrelakoa adostea? Bere erantzukizunari muzin eginaz, ezinezkoa den proposamena plazaratzen du.
Bide beretik, gehiengoari sor zaion begirunea errespetatu behar dela badio ere, azkar asko zuritzen du bere burua zenbait kasutan gutxiengoarekin sinatzea ere ulergarria dela adieraziaz. Gobernu Batzordean hartzen diren erabakiak mankomunatuak badira ere, etengabeko prestakuntzan gauzatzen ari den iruzurraz ez dio ezer; ez eta legebiltzarrean sorturiko ponentziak gehiengoaren arauak hautsiko dituenaren arrastorik ere ez. Zinez jokatuz, etengabeko prestakuntza, enplegu politikak eta etor daitezkeen bestetan, Madrilen aurrean jarrera politikoaren aldaketaren arrazoiak azaldu beharko lituzke. Bestela, esandakoak esanda ere, inork ez lioke sinetsiko konfrontazioaren alde agertu duen jarrera. Ekintzetan frogatu behar da jarrera politikoa eta propaganda handienak ere ezin du bestelakorik ezkutatu.