Segurtasunak ez du axola (Astekaria 152, Editorial)

14/02/2005

Bederatzi urte bete dira Europako Batasuneko arauak betetzeko estatu espainolean eta halabeharrez gurean, Laneko Arriskuen Prebentziorako legea indarrean sartu zenetik. Baina ia hamarkada oso bat igarota, oraindik ere ezbehar larregi gertatzen da, eta lanak eragindako gaixotasun kasu gehiegi ez da erregistratuta geratzen. Aurten lehen hilabete eta erdia bete gabe dagoelarik, laneko istriputan dagoeneko hogei behargin hil dira. Heriotzak eta lan-istripu larriak ez dira zoritxarrez gertatzen; aitzitik, arrazoiak eta erantzuleak badaude.

Enpresaburuek "prebentzioaren kultura" erabiltzen dute sarri ahotan, hori aipatzea arazoa konpontzeko nahikoa bailitzan; baina itxurak egiten dituzte, eurak baitira legeari itzuri egiten dioten lehenak. Ez dute laneko segurtasuna hobetzeko dirurik inbertitzen, enplegu-egoera gero eta eskasagoa bihurtzen dute, eta lehentasuna lan-erritmoak areagotzeari ematen diote, langileen segurtasun eta osasunaren aurretik.

Administrazioak kolokako enplegua gehienean lege-iruzurrean eginakonpontzeko ez du behar bezalako ahaleginik egiten, eta aldi baterako lanpostu kopuru itzelak istripuak gertatzeko arriskua berarekin batera dakar. Europan txapeldun gara enplegu ezegonkor eta segurtasun ezari dagokionez. Bestalde, administrazioen kontrol jarduna -ikuskapenak eta zigorrak- ez da nahikoa, eta hau ugazaben interesen arabera hartutako erabaki politikoa da. Herri-administrazioen geldotasuna ikusgarria da.

Laneko segurtasunaren ardura EAE mailan Osalanek dauka, eta joan den aste honetan eztabaidatu da bere Kontseilu Orokorrean 2005eko Kudeaketa Plana. Baina Osalan, dituen bitarteko urrien ondorioz, ez da dauden beharrizanei erantzuteko gauza; horregatik ELAk, salatu duenez, uko egin dio plan hura onesteko aukerari. Izan ere, Osalanek dituen baliabide urriak ikustean jabetzen gara Eusko Jaurlaritzak lan-osasunari ematen dion garrantzi eskasaz.