Sinesgaitza (Astekaria 223. Editorial)

29/10/2007

Begi bistakoa da azken denboratan osasun publikoak bizi duen narriadura prozesua. Jendartearen ahotan geroz eta maizago baieztatzen da osasun-laguntzaren kalitatearen gainbehera. Arrazoi ezberdinetan oinarrituak izan badira ere, eragile ezberdinek plazaratu dituzten sistemaren gabezia eta ahuleziak, egiturazko arazo batetan murgildurik gaudela adierazten digu.

Lan harremanen esparruan ere gainbehera nabaria da Osakidetzan. Sektorean kolektibo batekin eginiko azken akordioak adabaki hutsak jartzeaz gain, sistema esku pribatuetan uzteko parada ezin hobea eskaintzen du. Gainera, beste solaskideak ordezkatzen duenari zor zaion begirune eza gailendu da, beste behingoz. Lehen negoziazio edukiak dekretuz inposatzen ziren, gero gutxiengo batek ordezkatzen zuenarekin sinatzen ziren akordioak. Orain, negoziazioa zatikatu eta bakar batzuentzat bakarrik jartzen dira edukiak mahai gainean. Guzti hori ezkutuan eta modu maltzurrean.

Lan harremanetan eta negoziazio kolektiboan espresuki, aspalditxo dabil Osakidetza kolektibo ezberdinak bereizi eta banandu nahian. Solaskide arteko gutxieneko errespetua zapuztu du, interes pribatuak defendatzen dituztenen alde jokatu du bezeria sareak sortuaz eta, oro har, joko arauak leherrarazi ditu benetako taxu demokratiko eskasa erakutsiz. Honelako jokamoldeaz aritzea, ordea, ez da Osakidetzak bere kabuz eta modu isolatuan hartzen duen erabakia. Gobernu oso bat dago erabaki honen atzean eta politika jakin baten isla da. Eta gobernuaren kudeaketan ardura nagusia duen Lehendakariak babesa eta onespena ematen die honako politikei, bere hitzak eta ekintzak elkarren aurka jarriz.

Sinesgarritasuna ekintzatan irabazten da eta horrek berak ematen dio zilegitasuna gobernuaren ekimenari. Osasun sistemaren egiturazko arazoei erreparatzen badiegu, egoera askotxo aldatu beharko dute gobernukideek euren ekimenak sinesgarri bilaka daitezen. Bitartean, beste askok osasungintza publikoa bermatu eta hobetzeko konpromisoari eutsiko diogu.