ZENTZUZKO EPAIAK (Astekaria 123, Editorial)
ELA ordezkaritza gehiena duen sindikatua dela berretsi duten Auzitegi Gorenaren bi epaiak aspaldiko kontu bat argitzera datoz. Izan ere, trantsizioaren lehen urteetan sindikatuen jarduera arautuko zuen oinarrizko legedia ezarri zenean, ezinbestekoa iruditu zitzaien orduko legegileei euskal sindikatuaren errealitatea, hain zuzen ELArena, aintzat hartzea. Ez dago esan beharrik egungo botere espainolengandik honelakorik espero izatea alferrikakoa litzatekeela.
Egia esanda, gaiari bai Langile Estatutuak, bai askatasun sindikalaren legeak (LOLS) eman zioten irtenbidea ez zen teknikoki txukunegia izan, "erkidego autonomoko sindikatu" kontzeptuak ELAren edo LABen izaera ez baitzuen era egokian jaso-tzen.
Kontuak kontu, estatuak berak onartu egin du ELAren ordezkaritza gehiena, eta estatu mailako partaidetza instituzionaleko organoetan lekua eman izan dio. Esan daiteke, beraz, legearen asmoa gauzatu izan dela testuko hutsuneak betetze aldera.
Denak ez daude, baina, legearen asmoa eta zentzuzko jokabidea aintzat hartzeko prest, eta legearen zirrikituak ELAren eta zeharka, baita LABen aurka ere ekiteko baliatu nahi izan dituzte.
UGT izan da, CCOOen laguntzarekin, gure ordezkaritza ukatzen tematu dena, azkenean gauzak nahi ez bezala atera bazaizkio ere. Auzitegiek zentzuzko interpretazioa eman baitute.
Sententziaren eragin zehatza: Nafarroan sindikatu abertzaleen aurka ezarritako apartheid instituzionalari aitzakia kentzen diola. Noski, honek ez du esan nahi epai horiekin bazterketa amaituko denik, UGT eta CC OOek orain beste argudio bat baitarabilte, hots, Nafarroako euskal sindikatuek ez dutela sindikatu espainolek patronal eta gobernuarekin adostutako eredua goitik behera onartzen.
Izan ere, apartheid edo napartheid erregimenak ate hainbat maratila baititu.