Zergatik haserretzen dira? (Astekaria 212. Editorial)

25/03/2007

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Jose Luis Bilbaok, irain eta arbuioekin erantzun die Eusko Jaurlaritzak eta Foru-Aldundiek adostu duten Elkarteen Gaineko Zergaren aurka agertu diren eragileei. Ez du gehiegi nekatu burua Bilbao jaunak; betiko topikoak erabiki ditu horretarako: jendartatik at eta atzera begira bizi den lagunak direla, aurrerakoitasunaren aurka daudela&

Zergatik haserratzen dira horrenbeste horrelako kritiken aurrean? Gaiaren inguruan lortutako "kon-tsentsuaren" bakea nahasten duten ahots bakarrenetakoak garelako. Nortzuk dira, ordea, kontsentsu hortan daudenak? Enpresariak eta botere ekonomikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Espainiako alderdi nagusiak, (ikustekoa da gai hauetan zeinen erraz bat egiten duten EAJ-k, PSOE-k eta PP-k), eta hedabide nagusiak, botere ekonomikoaren eskuetan daudenak.

Kontsentsu hori ez da eztabaidaren ondorio izaten; ñabardura tekniko batzuk ez badira, denak ados egoten dira fiskaltasunak jarraitu beharko lituzkeen irizpideen inguruan. Eta ados daude, baita ere, gaiaren inguruko eztabaida soziala ekiditzeko orduan; Bilbao jaunak egin duen bezela, "kontsentsuarekin" bat ez gatozenak marginalizazioaren eremuetara bidaltzeko orduan.

Egia da demokrazia formal zurrun eta hertsiaren arauak betetzen dituztela, baina baita demokraziaren muina den eztabaida eta herritarren parte hartzea erabat baztertzen dutela. Horregatik ELAk edo beste eragile batzuk fiskaltasunaren bidegabekeria salatzen dugunean gure jendearen interesak defendatzen ditugu, baina baita demokrazia biziago eta jatorrago baten alde egiten dugu.