Zorionak Laborantza Ganbara!
Plazer handiz hurbildu ginen urtarrilaren 19an Ainhizera Laborantza Ganbararen hirugarren urtemuga ospatzera. Bertan 800 bat pertsona elkartu ginen Batzar Nagusian, egoítza berrituaren estreinaldian, lagunarteko bazkarian eta ondorengo festan parte hartzera. Hastapena ez zen erraza izan. 2005an sortu zenean, prefetak eta administrazio frantsesak mehatxu egin zuten urteetan Ipar Euskal Herriko laborariek eta jendarteak eskatzen zuten zerbait gelditzeko.
Hiru urte iragan dira eta presioak eta mehatxuak jarraitu arren,
Laboran-tza Ganbara azkartu egin da, zerbitzu onak eta egitura sendoa
ditu; jendartean bere presentzia eta eragina handiagoa da, eta sortu
zenean erabakitako xedea ederki egiten du. Hamar teknikari ditu gaur
eta milaka laborariren zerbitzura alor anitzetan ari da lanean,
laborantza familiarra, iraunkorra eta kalitatezkoa bultza nahiean,
lurrarekin eta inguru naturalarekin errespetuz jokatuz.
ELAren partaidetza
Manu Robles-Arangiz fundazioak 2004an hasi zuen bere ibilbidea Ipar
Euskal Herrian, Baionako antena sortuz eta Txetx Etxeberri bertako
arduradun izendatuz. Ia denbora berean ELB laborari sindikatuko
arduradunek kanpaina bat burutzen ari ziren Laborantza Ganbara
eraikitzeko. Hegoaldean zazpi sindikaturekin lan bat egin genuen bonoak
saltzen, eta 220 pertsonak hiru urtez bere laguntza emateko konpromisoa
hartu zuten.
ELBkoek esan ziguten etxe bat behar zutela urgentziaz bere
egoitzarako eta Laborantza Ganbara martxan jartzeko. ELA sindikatuak,
Fundazioaren bidez, bere gain hartu zuen behar horri erantzutea.
Zuentzat Hotela erosi zen Ainhitzen, orain zaharberritu dena, eraikina
bulego eta bilkura gelaz osatuz, era sinple, duin eta erabilgarri
batean.
Iholdin eta Zaron ere ikusi genituen etxe batzuek, baina laborari berak erabaki zuten Ainhitzekoa zela erabilgarriena eta aproposena. ELBkoekin ibili ginen aste horiek ahaztu ezinak izango dira guretzako! Militanteak, balio handiko pertsona xumeak, zorte handi bat izan da guretzako hauekin topatzea! Hiru urte hauetan parte hartze zuzena izan du Fundazioak bai “Lagunen” elkartean eta baita ere Lurramaren antolakuntzan. Eta esan beharra dago gure militanteentzako oso aberasgarria dela engaiamendu hori.
Lana egiten utzi
Ofizialtasuna ez da epe labur batean lortuko. Iruditzen zait Ipar
Euskal Herriaren instituzionalizatze prozesuarekin bat landu beharko
dela Laborantza Ganbararen ofizialtasunaren aldarrikapena ere, eta hori
lortzeko indarren metatzea ezinbestekoa ikusten dut. Ikuspuntu
horretatik, Batera plataformaren zeregina argia da eta orain
burutzen/amaitzen ari den erreferendumaren aldeko sinadura kanpainak
bere fruituak emango ditu.
Ezin dugu, alabaina, ofizialtasunaren zain gelditu. Epe laburrean lortu behar duguna Euskal Herriko Laborantza Ganbara jasaten ari den erasoak eta mehatxuak amaitzea eta utzi diezaiotela bakean bere lana egiten, duen status juridikoarekin, “elkarte” bezala, eta jarrai dezala dosierrak prestatzen, laborariei aholkuak ematen, bere iritziak gizarteratzen,...
Laborantza Ganbarak eguneroko lanerako behar dituen baliabide
ekonomikoak ziurtatzea da orain lehentasun nagusietako bat. Eta gure
aldetik, orain arte bezala, babes osoa emango diogu, Euskal Herri
mailan behar diren kanpainak eta iniziatibak bultzatuz.
Hegoaldeko instituzioak gehiago inplikatu beharko dutela iruditzen
zait, hitzetatik ekintzetara pasatuz, Laborantza Ganbaran dutelako
“autodeterminatzeko” adibide praktiko bat.
Fernando Iraeta, Manu Robles-Arangiz Fundazioko zuzendaria