ELAk Urkulluren gobernuari exijitzen dio manten dezala 35 orduko lanaldia arlo publikoan

01/02/2018
Auzitegi Gorenak berretsi egin du EAEko administrazioan 35 orduko astea berrezarri zuen Dekretuaren baliogabetzea. Hau dela eta, ELAk Urkulluri galdegin dio autogobernua eta negoziazio kolektiboko esparrua defenda ditzala eta, hartara, bete dezala bere gobernuak 35 orduei buruz sinatu zuen Dekretua.

Gogoan izan behar da Urkulluren gobernuak 35 orduei buruz 2016an emandako dekretua 2010eko mahai orokorreko akordioa betetzea besterik ez zela, euskal administrazioko langileen lanaldiari buruz.

ELAk orduan ere adierazi zuen Estatuko abokatutzak Eusko Jaurlaritzaren Dekretua errekurritzeko hartu zuen erabakia euskal autogobernuaren aurkako eraso larria zela, berriro agerian uzten zuena Estatuaren inboluzio-agenda, hala arlo sozialean, nola autogobernuaren aurka. Erabaki honek aldebikotasunaren mugak nabarmen uzten ditu. Zertan da aldebikotasuna gure langile publikoen lanaldia ere erabaki ezin badugu? Euskal administrazioak Madrilen hartutako erabakiak betearazten dituzten luzapen huts bihurtzen dira horrela.

Halaber, Estatuak Dekretuaren aurka jo zuenean esan genuen erabakitako ekinbide juridikoak ez zirela nahikoak, eta oso ibilbide laburra izango zutela; hau ere frogatuta geratu da. Horregatik ELAk exijitu dio Urkulluren gobernuari eman dezala 35 orduak mantentzeko hitza.

Izan ere, Jaurlaritzak lanaldia luzatzea onartzen badu, euskal autogobernuaren kontrako eraso larria izateaz gainera milaka lanpostu galduko bailirateke euskal administrazioan:  azkenekoz lanaldia luzatu zenean 1.500dik gora lanpostu suntzitu ziren, soilik Osakidetzan.

Gure zerbitzu publikoak antolatzeko ahalmena aldarrikatzen dugu, esaterako zenbat mediku edo irakasle behar ditugun, euskal gizartearentzako lanean jardun daitezen.

ELAk orain arte bezala 35 orduko lanaldia euskal arlo publiko guztian mantentzearen alde egingo du, enplegua sortzeko eta zerbitzu publikoaren kalitatea nahiz bere langileen bizi-baldintzak hobetzeko bide gisa.