Gipuzkoako ehungintza merkataritzako greba arrakastatsua izan da
Gipuzkoako ehungintzako merkataritzan bigarren greba eguna arrakastatsua izan da. ELAk hala esan du, Garberako eta Urbilgo Stradivarius dendak, Oyshoko bi dendak, Garberako eta Donostiko Berskha eta Garberako Parfois dendak erabat itxi dituztela egiaztatu ondoren. Era berean, beste askok ateak ireki dituzte, baina langile gutxirekin, langile gehienek greba egin baitute. Adibidez, H&M, Boboli, IKKS, Nanos, Springfield, Maximo Dutti, Zara, Tezenis edo Intimissimi. Langileak greban daude sektoreko lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen baten alde. ELAk sektoreko lan baldintzak hobetzeko proposamen bat eskatu die Adegi patronalari eta merkataritza federazioari; proposamen horretan, besteak beste, honako hauek jasotzen dira: erosteko ahalmena bermatuko duen soldata igoera, partzialtasuna murriztu eta urteko 1.748 orduko lanaldia txikiagotu.
Lau greba egun gehiago Gipuzkoako erresidentzietan ekainean eta uztailean
ELAk grebak deitu ditu Gipuzkoako erresidentzietan, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean, 14an eta 15ean. Langileek mobilizazioak indartzearen aldeko apustua egin dute asanblean, joan den astean patronalek sindikatuak bultzatutako negoziazio bidea zapuztu ostean. Bost urte igaro dira lehen negoziazio mahaia martxan jarri zenetik, 258 greba egun; hala ere, gatazka konpondu gabe dago oraindik. Patronalek eta Aldundiak ez dute urratsik egin egoera hori konpontzeko. Hala erakutsi dute azken asteotako negoziazio mahaietan. ELAk iragarri du patronalek eta Aldundiak gatazkaren konponbidean pausorik eman gabe jarraitzen badute, greba eta mobilizazioak areagotuko dituela.
Greba uztailaren 7, 8 eta 9an Gipuzkoako ostatuen sektorean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrera egiteko
Sektore horretan, okupazioa hazten, hotelak irekitzen eta gelen prezioa igotzen ari den bitartean, gero eta langile gutxiago daude eta lan baldintza okerragoekin. Horren aurrean, sindikatuek hitzarmen kolektiboan hobekuntzak aldarrikatu dituzte, KPIaren gainetik dauden soldata igoerak eskatuz.
Gipuzkoako Adinekoen Erresidentzietako patronalek sektoreko hitzarmena negoziatzeko mahaia zapuztu dute
Gipuzkoako Erresidentzietako patronalek eta sindikatuek LHKn egindako bilera guztiz zapuztu da patronalen jarreragatik. ELAk aurkeztutako proposamena baloratzeari muzin egin dio, sindikatuak aurreko bileran hala eskatu bazien ere, eta bi puntu kentzeko exijitu du. ELArentzat onargaitza da jarrera hori, eta agerian uzten du patronalen baldintzak hobetzeko eta negoziatzeko borondate eskasa. Gauzak horrela, ELAk sektorea bera eta bertako langile eta egoiliarren egoera duinduko duen hitzarmenaren alde borrokan eta greban jarraituko du.
Ekainaren 23an, beste greba egun bat Gipuzkoako Ehungintzako Merkataritzan
ELAk eta LABek beste greba egun bat deitu dute ekainaren 23rako Gipuzkoako Ehungintzako Merkataritzan, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko. Sindikatuek sektoreko patronalei exijitu diete kolektiboaren lan baldintzak hobetzeko proposamen bat egin dezatela, besteak beste, gehiegizko partzialtasunaren arazoa konpontzeko eta urteko lanorduak murrizteko. Gainera, digitalizazioari aurre egiteko neurriak hartu behar dira; izan ere, online salmentek eta denden itxierek merkataritzaren egoera kaltetu dute.
ELAk eta LABek Gipuzkoako aniztasun funtzionalaren publifikazioa eskatu dute
ELAk eta LABek Gipuzkoako aniztasun funtzionalaren sektorea publiko egiteko eskatu dute. Gaur egun eredu publiko-pribatua da nagusi. Hala jaso dute gaur, ekainak 9, Gipuzkoako Foru Aldundiak Txaran, Donostian, duen egoitzan erregistratutako dokumentu batean. Era berean, bilera bat egitea eskatu diote Aldundiari, egungo ereduak langileengan dituen ondorio kaltegarriak aztertzeko. Arratsaldean, 18:00etan, elkarretaratzea egin dute Aldundiaren eraikinaren aurrean, Gipuzkoa Plazan, eta sektorearen aldarrikapen nagusiak azaldu dituzte, besteak beste, KPIari lotutako soldata-igoerak bermatzea.
Jarraipen zabala izan du Gipuzkoako Diputazioko eraikinetako Euleneko garbitzaileen lehen greba egunak
Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten Euleneko langileek greba mugagabea hasi dute negoziatzen ari diren hitzarmenean KPIaren igoera bermatzeko. Langileek argi utzi nahi diete enpresari eta Aldundiari KPIaren igoerarik gabe ez dela hitzarmenik egongo. ELAk, LABek eta ESK-k oso positibotzat jo dute greba mugagabearen lehen egun hau: Administrazioak eta Eulenek jarritako trabak gorabehera, langileek nahikoa dela esan dute eta kalera atera dira KPIa gabe hitzarmenik ez dagoela ozen eta argi esateko.
Ekainaren 6an, Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten Euleneko langileek greba mugagabea hasiko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten Euleneko langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 6an, negoziatzen ari diren hitzarmenean KPIaren igoera bermatzeko. Langileek enpresari eta Aldundiari argi utzi nahi diete KPIaren igoerarik gabe ez dela hitzarmenik egongo eta borroka horrekin amaierara arte jarraitzeko prest daudela. Langileek 19 greba-egun egin dituzte orain arte, hitzarmen kolektiboan erosteko ahalmena ez dela galduko bermatzeko.