Lan Osasuna

Langile bat hil egin da Donostian

2023/01/31

Etxebizitza bateko telekomunikazio lanak egiten zegoela, gune altu batetik erorita zendu da behargina. Datu argi gutxi daude oraindik, baina informazio bila ari da ELA orain. 2023an, dagoeneko, bost langile zendu dira Euskal Herrian. Horietatik bi Gipuzkoan.

Kutxabankeko langile bat hil da Izarran (Araba), bere bulegoan lanean ari zela

2023/01/11

Kutxabankeko langile bat hil da, urtarrilaren 10ean, Izarrako (Araba) bulegoan lanean ari zela. Euskal Herriko 2023ko lehen lan heriotza da. ELAk jasotako lehen datuen arabera, langilea bakarrik zegoen istripua gertatu zenean. Lehen orduan, bezero batzuek ikusi zuten bulegoa itxita zegoela. Orduan, asaldatuta, osasun zerbitzuei deitu zieten, eta haiek langilearen heriotza egiaztatu besterik ezin izan zuten egin. Sindikatua datu gehiago biltzen ari da.

Erasoen aurrean langileak modu publiko eta irmoan babesteko eskatu dio Enpresa Batzordeak Metro Bilbaori

2022/12/27

Basarrateko metro geltokian langile batek sufritutako erasoa salatzeko kontzentrazioa izan da gaur eta erabateko inplikazioa exijitu dio Batzordeak enpresari. Langileen kontrako erasoak isilarazi beharrean ikustarazten lagundu beharko lituzkela azpimarratu dute, bai eta arazo larri horren aurrean konponbideak premiazkoak direla. Arazo estrukturala izaki, salaketa eta mobilizazio protokoloa berriz ere aktibatu behar izan du plantillak.

Langile bat eraso dute Metro Bilbaon

2022/12/23

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak langile baten aurkako erasoa salatu du, eta plantillaren eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu du. Erasoa abenduaren 18an gertatu zen, Basarrateko geltokian. Batzordeak baieztatu du "nazkatuta" dagoela etengabe jasaten dituzten eraso fisiko eta ahozkoengatik, eta nabarmendu dute jarrera horiek okertzen direla gabonetan. Gauzak horrela, elkarretaratzea deitu dute abenduaren 27an, 10:00etan, Basarrateko geltokian.

Zumaiako San Juan zahar etxeko grebalariek manifestazioa egin dute Donostian

2022/12/16

Eraikinaren egoera tamalgarria eta lan baldintza eskasak salatzen dituzte, beste erresidentzietako ELAko ordezkarien babesarekin. Greba mugagabean daude abenduaren 12tik, enpresak 2,7 milioiko mozkinak izan baditu ere soldatak 2016tik izoztuta mantendu dituelako. Foru Aldundiak, bitartean, konpondutzat ematen du gatazka.

Lan heriotzak eta Reydesako istripuak salatzeko kontzentrazioak Araban

2022/12/14

Iruraiz-Gaunako etxebizitza bateko obran lanean zegoela zendu zen 56 urteko igeltseroa abenduaren 7an. Lan heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin du gehiengo sindikalak. Bestetik, Legution elkartu dira hainbat langile aurreko hilean izandako lan isptripu larria salatzeko. Jada 71 langile hil dira lanean.

Ambuibericak 5.000 euro ordaindu beharko dizkio pandemian kutsatu zen langile bati

2022/12/05

EAEko Auzitegi Nagusiak aginduta, Ambuibericak, EAEko osasun garraioaren esleipendunak, 5.000 euro ordaindu beharko dizkio pandemiaren lehen olatuan kutsatu zen langile bati, kalte moralengatik. Azaroaren 24ko sententziak jasotzen duen bezala, Lan Arloko Salak frogatutzat jo du Ambuibericako langileek behar bezalako babes neurririk gabe egin behar izan zutela lan. Epai hau Donostiako Lan Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak ekainaren 8an emandako ebazpenaren ondoren iritsi da. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du enpresak ez zuela babes neurririk hartu eta kutsatu zen langile baten bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea urratu zuela pandemian.

Azaroaren 25ean, ELAk lantokietatik sexu-jazarpena desagerrarazteko helburua ezarri du

2022/11/25

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, ELAk lantokietan gertatzen diren sexu-jazarpeneko egoerak ikusarazi nahi izan ditu. Hori dela eta, sindikatuak "Sexu-jazarpena lantokietan, sekretu kolektiboa" lelopean ekitaldia antolatu du Aguraingo Harresi aretoan, eta sindikatuko militanteek parte hartu dute. ELAk prekarietatearen aurkako kanpainaren barruan egindako inkestak sexu-jazarpeneko 183 kasu azaleratu dira. Sindikatuak uste du arazo hori desagerrarazi egin behar dela, eta horretarako bitartekoak jartzen hasi da.

Lantokietako sexu jazarpenari aurre egiteko protokolo eraginkorrak eskatu ditu ELAk

2022/11/23

Aurtengo Azaroaren 25 Nazioarteko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren egunean, ELAk arreta berezia jarriko dio lantokietako sexu jazarpenari. Sexu jazarpena lantokietan, sekretu kolektiboa lelopean egingo du sindikatuak ekitaldia Aguraingo Harresi aretoan, eta bertan sexu jazarpena lantokietan jasan duten hiru emakumeen testigantza jasoko da, besteak beste. ELAk prekarietate kanpainaren baitan egindako 402 lantokietako inkestek 183 sexu jazarpen kasu azaleratu ditu. Egoera are larriago baten isla besterik ez dira.

Kamioilari baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik 20.000 euro baino gehiago ordaintzera zigortu du justiziak Excavaciones Imanol Lasa enpresa

2022/11/21

Enpresak IATaren aurkako txostena eta bide publikotik zirkulatzeko gaitasunik ez zuen kamioi bat utzi zion lanerako langileari. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salaren ustez, istripurik gertatu ez zen arren, langileari gidatzeko gaitasunik gabeko kamioi bat emateak arriskuen prebentzioaren arloko araudia urratzea da, eta, ondorioz, bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubidea urratzea.

Andoaingo Antex Fibres enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gertatutako lan heriotza eta lan istripu larria salatzeko

2022/11/04

Andoaingo Antex Fibres SL enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, joan den astean enpresan izan ziren bi lan-istripuak salatzeko. Hiru eguneko tartean, bi langilek lan-istripu oso larriak izan zituzten. Haietako bat makina batek harrapatuta hil zen. Heriotza berri honekin, gutxienez 66 langile hil dira Euskal Herrian 2022an, horietako 21 Gipuzkoan.

Autlan EMD SLU (Cegasa) enpresa zigortu dute langile bat azido sulfurikozko laino azidoen gehiegizko eraginpean izan zuelako

2022/10/17

Eibarko Lan Arloko 1. Auzitegiak osotasunean ontzat eman du Oñatiko langile batek egindako demanda, Bidelagun Fundazioakek bideratu eta defendatutakoa, Autlan EMD SLU (Cegasa zena) enpresaren aurka, azido sulfurikozko laino azidoen gehiegizko eraginpean izan zutelako. Gaixotasun profesionala aitortu du epaiak, laneko asma, eta langileak lan harremana etea eskatu du, baita kalteordaina ere, bere osasunari eragindako kalteagatik.

Garraiolari baten laneko heriotza salatzeko elkarretaratzea

2022/10/14

ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta ENHE sindikatuek elkarretaratzea egin dute garraiolari baten lan istripua eta heriotza salatzeko. Kasu honetan, jatorri portugaldarreko garraiolari bat hil zen Araian (Araba), arrazoi ez traumatikoengatik.

Anbulantzia bateko osasun-langile bati eraso egiteko beste ahalegin bat

2022/10/10

Anbulantzietako langile batek paziente baten lekualdaketan jasandako azken erasoaren ondoren, ELAk berriro eskatu du segurtasun arloan jarduteko protokolo bateratuak, Osasun Sailak eta Herrizaingo Sailak anbulantzien sektorean lan egiten duten pertsonak babesteko. ELAk aspalditik salatu du egungo protokoloak ez direla nahikoak.

Lan-istripu hilgarri berria Basogintza sektorean

2022/10/05

ELAk Aulestin izandako beste lan-istripu hilgarri bat salatu nahi du. Izan ere, Explotaciones Forestales EGURMENDI enpresako langile bat atzo arratsaldean hil zen enborrak arrastatzeko makinak harrapatu eta heriotza eragin zionean. Basogintza-sektorean aurten izan den laugarren lan-istripu hilgarria da, eta iaz gutxienez 5 langile hil ziren antzeko egoeretan sektore berean. Aurten, gutxienez 60 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan-istripu baten ondorioz.

15 hildako lan istripuan 2022an Nafarroan

2022/10/03

Muniáin de la Solanan (Nafarroa) langile bat hil ondoren, ELAk patronalaren jarrera gaitzetsi eta kontrolerako bitarteko publikoak gehitzea eskatzen dio Nafarroako Gobernuari

COVID iraunkorra: lanean kutsatu arren, laneko gaixotasuna duzula ukatzen denean

2022/09/30

`COVID iraunkorra eta lan-mundua. Egoeraren azterketa eta aukera juridikoak´, lelopean, Bidelagun Fundazioak -ELAk sortutako erakundea laneko ezbeharrei eta gaixotasun profesionalei erantzun espezializatua emateko- hitzaldia eskaini du gaitz horri lan munduan nola aurre egin aztertzeko. Gaixotasunak pertsona askori eragin dien arren, oraindik informazio gutxi dago. COVID iraunkorra arazo larria bihurtu da langile askorentzat.

Covid iraunkorrari eta lanari buruzko jardunaldia egingo du Bidelagun Fundazioak ostiralean

2022/09/28

Covid Iraunkorra arazo larria bihurtu da langile askorentzat. Oraindik ezezaguna den gaitza izanik, ondorioak ez daude behar bezala aztertuta eta ez du aitortza egokirik. Gainera, lan munduarekin lotura bikoitza du: batetik, langile asko lanean gaixotu ziren (bereziki zaintza arloarekin lotutako sektoreetan, osasun arloan eta merkataritzan), eta, bestetik, Covid iraunkorra sufritzen duten langileek arazo handiak dituzte, esaterako, beste ezgaitasun iraunkorrak lortzeko eta laneko gaixotasun moduan aitortua izan dadin, besteak beste.

Bidelagun fundazioak salatu du Autlán EMD (lehengo CEGASA) enpresak langileak behartu dituela substantzia toxikoen maila onartezinetan lan egitera

2022/09/26

Bidelagun fundazioak -ELAk sortutako erakundea, laneko ezbeharrei eta gaixotasun profesionalei erantzun espezializatua emateko- salaketa jarri ondoren, epaiaren zain geratu da Oñatiko (Gipuzkoa) Autlán EMD -lehengo CEGASA- enpresaren aurkako epaiketa, bere langileak behartu dituelako azido sulfurikoaren hodei azidoen eta manganeso hautsaren esposizio maila onartezinetan lan egitera. Gaur, irailak 26, epaiketa egin da Eibarko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegian. Langileetako bati laneko asma aitortu zaio lanbide gaixotasuntzat. Gauzak horrela, enpresari eskatu dio lan harremana etetea, kaleratzea ordaintzea eta kalte ordain gehigarria.

Laneko heriotzek ez dute etenik Nafarroan

2022/09/12

Lau egunetan bi langile hil dira. Gauzak horrela, ELAk adierazi du patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna dela ezbehar tasaren etengabeko igoera. Cementos Portlandeko langileak Olaztin kontzentrazioa egiten ari ziren bitartean -lan istripuei aurre egiteko neurriak eskatzeko- Iturenen beste langile bat larri zauritu zen. Atzo, irailaren 11n hil zen. Urtea amaitzeko hiru hilabete falta direnean, 2022an 13 pertsona hil dira jada Nafarroan lan istripuan; Euskal Herri osoan 56 dira guztira.

Elkarretaratzea Olaztiko Portland enpresan gertatutako lan heriotza salatzeko

2022/09/09

Atzo Olatzagutiako Cementos Portland enpresan orga batek harrapatuta hil zen langilearen lankideek elkarretaratzea egin dute omenaldia egin eta patronalari eskatzeko langileen segurtasunaren aurrean etekin ekonomikoa lehenesteari uztzi behar diola. Administrazioaren kontrol baliabide eskasak ere salatu dituzte.

ELAk Nafarroako lan ezbeharren odolustea geldiaraztea eskatu du

2022/09/08

Cementos Portlandeko (Olazti) langile baten heriotza dela eta, ELAk patronalari eskatu dio utz diezaiola onura ekonomikoa segurtasunaren gainetik lehenesteari, eta salatu du Administrazioak ez dituela kontrolerako behar beste baliabide jartzen. Bide beretik, kontrolerako bitarteko publikoak areagotzea eskatu du, elkarrizketa sozialeko politikak alde batera utzita; aldi berean, langileak mobilizatzera deitu ditu, enpresen eta lantokien lan ezbeharrak desagerrarazteko.